Mostrando entradas con la etiqueta euskara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta euskara. Mostrar todas las entradas

miércoles, 17 de noviembre de 2010



Aurreko azaroaren 10ean Irati Jimenez etorri zitzaigun Deustuko Irakurlearen txokora. Argazkian agertzen garenok eta argazkilaria ginen han eta benetan lujoa dela zeuk nahi duzuna galdetzeko aukera izatea. ‘Nora ez dakizun hori’ liburua idatzi du Iratik. Euskara ederra, ulerterraza, esaldi laburrak, errepikapenak hitzekin jolasteko, txikitan entzuten nituen hitzak idazten ditu eta berriak erabili (Sakelako telefonoari eskukoa deitzen dio). Gazteak bidea egiten ari dira, euren bide propioa, nahiz eta bestelakoak entzun geuk baino hobeto edo geuk beste gutxienez egingo dutelakoan nago.
Iratik esan zigun txikitan asko idazten zuela gustura egiten zuen baina gaztaroan ondo idatzi nahi zuen eta sekula ez zegoela konforme idazten zuenarekin. Horrela lan asko apurtu zituela eta heldu zenean lortu zuen bere barruko sortzailea barneko kritikoari kasurik egin barik idatzi eta gordetzen lana eta horrela argitaratzen hasi.
Eta ‘Nora ez dakizun hori’ argitaratu du. Nora eta Martin dira protagonistak. Ipuin inposiblez beteta dago liburua. Noraren aitona likantropoa zen, seme alaba bikiak izan zituen Rosarekin. Ameriketara joan ziren barkuan elkar ezagutu zuten eta Nebraskan jaio ziren bikiak. Euskaraz hitz egiten zuten amarekin eta semea, Elías, Deustura etorri zen bizitzera. Nora, Sara bikiaren alaba da eta banpiroa dela uste du…
Baina ez da lineala kontakizuna, korapiloz beteta dago eta kontatzen duena sinesgaitza da. Ez dira nire gustuko gaiak, likantropoak, banpiroak, munduko edozein lekuan argazkia atera eta pertsona berbera agertzea, amaren esnea barik odola edaten duen jaio berria. Esandakoa, euskara zoragarria eta horrelako gaiak gustuko badituzu…

jueves, 1 de abril de 2010

Bilbao-New York-Bilbao


Kirmen Uriberen


2009ko urrian Espainiako Literatur Saria eman zioten, "Bilbao-New York-Bilbao" nobelarengatik. Obra berari esker jasoa zuen Uribek 2008ko Kritika Saria, Euskarazko nobelaren alorrean.

El Pais egunkarian agertutako iruzkina.


Deustuko irakurlearen txokoan bere poesia zuzenean irakurtzen ezagutu nuen Kirmen Uribe eta liluratu ninduen (Bidarteko udaltegian lekurik ez eta San Inazioko udaltegian gure etxe alboan). Orain Bilbao-New York-Bilbao nobela irakurri dut eta oraingoz ez dakit ondo ze begitandu zaidan.

Horrenbeste istorio batera jarraitzeko arazoak izan nituen eta liburua amaituta eta gero kontatutako gauzen jakin-mina izan nuen eta etxean gure amari zenbait gauza galdetu nizkion. Eraztunaren kontua dela eta gure amak -‘kontu hori entzunda neukan ikastolan baiñe hori be idatzi eitxen dau!!!!!!’- .
Hori dakar autofikzioak etxean entzundako ipuin guztiak lekua dutela eta denok ditugu horrelakoak. Meritua du Kirmenek forma eman diolako eta sekuentziatu dituelako. Forma borobila eman dio liburuari, zuhaitzen enborrak eta arrainen uztaiak bezala.Beste herrialdeko erdi egia-gezurrak gustura irakurtzen baditugu zergatik ez bertokoak? Paul Auster burura etortzen zitzaidan kasualitatea nola erabiltzen duen ikusita.
Autofikzioa arriskutsua da, nahiak, iritziak, bertoko ipuinak, beste herrialde batzuetakoak eta norberaren familiako ipuinak saltsa berean ipini eta........... kritika onak eta txarrak entzuteko prest egon behar. Zure lehen zutabeaz, aitari iritzia eskatu zenionean hark konparaketa egin zizun Don Manuel eta Don Jesusen (gure tio Jesus da?) sermoien artean. Dudarik ez, oraingoan batzuentzat elizako hasierako ilaretan esertzen diren aberatsentzako esaten duzu sermoia, atzeko ilaretakoak kontuan hartu gabe.

Bizitzako gauza gehienak bezala abantailak eta desabantailak batera datoz. Askotan gauza txarrei onei baino garrantzi gehiago ematen diegu, zeuk esaten duzun moduan eta ez egin horrelakorik zelebratu saria nik zelebratu nuen moduan zu ezagutzea Deustuko Irakurlearen txokoan.



domingo, 14 de marzo de 2010

Ez obeditu inori

Zelako jende gutxi ezta? Joaten garenontzat hori da ederrena, idazlearekin hitz egiteko aukera bikaina izaten dugu eta Mikel Peruarenarekin hitz egitea gozamena izan zen.

‘EZ OBEDITU INORI’

Liburua irakurri eta gero Soterok sentitzen duenaC’est fini dela iruditzen zait . Gizakiok hori sentitzen dugu norberarentzat garrantzitsuak diren gauzak ez direnean ateratzen guk nahi dugun moduan. Sotero Mujikak bere bizitzako itxaropen onenak jartzen ditu Frantsesarekin eta Albertorekin duen harremanean. Lagun artean duten konplizitatea, prestatzen dabilena baino garrantzitsuagoa da Soterorentzat eta ekintza burutzeko orduan, Frantsesa desagertzen denean, Soterok bere bizitza hor amaitzen dela sentitzen du.

domingo, 14 de febrero de 2010

Aulki bat elurretan

Uxue Alberdik kazetaritza 3.maila Suedian egin zuen Erasmus programan eta hango gau luzeetan 'aulki bat elurretan' idaztzi zuen. 17 ipuin, gai sakonak eta 20 urteko neskatilla (benetako emakumea) idazlea.

Uxue Alberdi Aulki bat elurretan

2008an Uxue Alberdin ipuin liburua irakurri eta Irakurlearen txokora joan ginen. Han zegoen gure begien aurrean 24 urteko emakume gaztea prest bere liburuaz genituen galdera guztiak erantzuteko.

Egun hartan Deustuko gaztetxean bildu ginen. Obretan egon arren moldatu ginen. Han zegoen tarima aurrean aulki batzuk ipini eta hasteko geundenean langile bat etorri zen han utzi zuen zerbait jasotzera. Halako baten tarima gainera igo eta krask entzun genuen eta zapata azpitik Josebaren betaurrekoak atera zituen kristalak apurtuta. Hara hona ibiltzeak dakarrena. Antolatzaileek leku egokiak bilatu nahi baina ez da hain erreza. Antolatzaile hauetariko bat Joseba nire laguna da, betaurrekoen jabea.

Ordurako Uxue bere liburua zergatik eta nola idatzi zuen kontatzen zebilen entusiasmoz beteta. Lehenengo ipuinak ematen dio titulua liburuari. Suediako neska gazte baten 14 urteko nebak lotarako pilulen gaindosia hartu eta bere buruaz beste egin du, arrebak aulkia eramaten dio, aulki horretan hartzen zuen lasaitasuna mutikoak, amaren sermoiak entzuteko. Eta etxera joan aurretik nebaren hilobian itxiko du aulkia elur azpian.
Ezagutzen ditugun Suediako topiko guztiak agertzen dira ondoren datozen ipuinetan. Xamurtasunez eta 20 urteko neska heldu batek ikusten dituen moduan. Bakarrik dago etxetik urrun eta ze pentsa ematen dio inguruan ikusten duenak eta bere sentimenduak bakardade horretan. Suediako neguko 20 orduko gauetan bakarrik eta isilik egoteko ordu asko zituen Uxuek eta horrela idatzi zituen 17 ipuinak. Egi osoa azaltzeko eta bere esanetara Madeleine ipuina Bilbon bizi zenean idatzi zuen, 18 urte zituela. Madeleine zuriz jantzita (elurraren kolorea berriro) eta malko beltz bat, margotutakoa, eskuineko masail zuri-zurian zirkinik egin barik kalean dirua jasotzeko pentsa ezineko gauza dela uste dut Suediko hotz ikaragarri horrekin eta bai dirudi Bilbon idatzia.

2005 urtean idazle berrientzako Igartza literatur saria jaso zuen Uxuek. Oraingoz irabazleri gazteena. Uxue 1984n jaio zen, beraz Idoia nire alabaren adinekoa da, eta Suediara joan zen Erasmus urtean idatzi zituen ipuinak. Liburuaren eskaintza gure alabentzat idazteko eskatu genion Mari Terek eta biok. Eneritz Luxemburgon egon zen eta Idoia Parisen zegoen momentu horretan eta hauxe idatzi zuen Idoiarentzako ‘Idoiari, Parisko Luxemburgoko lorategian tangoa dantzatuko duzulakoan. Muxu bat! Uxue’
Argi dauka Uxuek, gustuko du idaztea eta hor dugu liburua baina lorategietan dantzatzea, hori da denok egitea daukaguna neguko elurrak urtu eta gero agertzen diren lorategietan.

sábado, 6 de febrero de 2010

bitartean heldu eskutik


Orain bi urte irakurri nuen ‘bitartean heldu eskutik’ Kirmenen poesia liburua. Orduan ezagutu nuen Kirmen, San Inaziora etorri zen ‘Irakurlearen txokora’ eta bere poesiak irakurri zizkigun. Irakurri eta gozotasunez konta zizkigun poesia haien atzean zeuden istorioak. Nire herrikoa izan arren gutxi batez nekien berari buruz. Gure amaren ezaguna da haren ama eta momentu hartan, 2008ko hasieran bajan nengoen eta hunkigarria izan zen niretzat zelako gozotasunez tratatu ninduen eta liburuan idatzi zidan eskaintza

Estiai, (azkenengo ‘i’an bihotz antzeko bat, etxekoentzat nire izena bihotzarekin idazten dut)
Badakixu, hemen dakazule laun bat, eta bizitzako gauzaik txikixenak direla handixenak, bihotz bihotzez
Bere sinadura irakurtezina baina polita

jueves, 4 de febrero de 2010

Mikel Peruarena

Otsailaren 3an Irakurlearen txokoan ezagutu nuen Mikel Peruarena. Zigarro mehe-meheak erretzen ditu Mikelek. Aukera ederra da liburuen idazleak ezagutzea, baina nik 'tranpa' egin nuen (hori esan zidan Mikelek berak). Eta egia da. Hara joan baino lehen liburua irakurri behar duzu edo erosi gutxienez. Nik ez neukan ez erosita, ez irakurrita. Erosiko dut eta astiro irakurri, Mikelek idatzita eta ondo gordeta dituen apunteak ia asmatzen ditudan. -Halako baten argitaratuko dizkizute- esan nion eta berak -ez dut uste- eta benetan hori uste zuela zirudien.
http://www.kronika.net/uploads/kronika

Azaleko argazkia:Iñaki G. Holgado