
2010eko ekainaren 19an Capitol zinemara joan ginen Sagarren denbora dokumentala ikustera. Gure lagunak diren Joseba eta Gotzonen semeak parte hartu du filmean, argazkilari bezala. Hibai txikitatik ezagutzen dugu eta gure semearen koadrilakoa da. Pozik joan ginen bere lana ikustera. Ezta liburua baina blogean sartu nahi dut maite dudan jendeak parte hartu duelako.
Sagarren denbora dokumentalean Alfonso Etxegaraik eta Kristiane Etxaluzek euren bizitza kontatzen digute. Alfonso Afrikako irla txiki batean daukate deportaturik eta Kristiane berarekin bizi da urteko 3 edo 4 hilabetez eta Euskal Herrira bueltatzen da 2 edo 3 hilabetez. Alfonsok bueltatu nahi du baina errealista izanik beldurrez da ez dakielako nola sentituko zen horrenbeste urte pasa eta gero.
Azpitituluak jarri dituzte, Alfonsok gaztelaniaz hitz egiten du eta azpitituluak euskaraz agertzen dira eta Kristianek euskaraz hitz egiten du eta azpitituluak gaztelaniaz agertzen dira.
Estetikoki film zoragarria da, Iparraldean daukaten ortuko sagarrondoak loratuta, Afrikako umeak hondartzako uretan jolasten (munduko ume guztiak bezala), etxeko suaren inguruan erratza zaldi bezala duen umetxoa eta protagonisten bihotzeko eta arimako zauriak ondo ikusteko moduko planoak. Musika polita eta sarritan eguneroko zaraten artean ondo entzuten da protagonisten ahotza. Ordu beteko dokumentala eta laburra egin zitzaidan, agertutako materiala gustukoa eta gorde dutena be polita izango dela iruditzen zait.
Josu Martinezek (nire ikasle izandako Marenen lehengusua dela enteratu nintzen hantxe bertan) eta Txaber Larreategik idatzi eta zuzendu dute dokumentala. Han agertu ziren hitz batzuk esateko eta baita Kristiane Etxaluze ere.
Lan ederra egin dute gure inguruan bizi diren gazteok.