domingo, 14 de marzo de 2010

Ez obeditu inori

Zelako jende gutxi ezta? Joaten garenontzat hori da ederrena, idazlearekin hitz egiteko aukera bikaina izaten dugu eta Mikel Peruarenarekin hitz egitea gozamena izan zen.

‘EZ OBEDITU INORI’

Liburua irakurri eta gero Soterok sentitzen duenaC’est fini dela iruditzen zait . Gizakiok hori sentitzen dugu norberarentzat garrantzitsuak diren gauzak ez direnean ateratzen guk nahi dugun moduan. Sotero Mujikak bere bizitzako itxaropen onenak jartzen ditu Frantsesarekin eta Albertorekin duen harremanean. Lagun artean duten konplizitatea, prestatzen dabilena baino garrantzitsuagoa da Soterorentzat eta ekintza burutzeko orduan, Frantsesa desagertzen denean, Soterok bere bizitza hor amaitzen dela sentitzen du.

Mikeli ez zaio gustatzen gehiegi bere nobela historikoa dela entzuterik eta ados nago berarekin, Soteroren sentimenduak komunikatzen ditu gehien bat. Baina egoera historikoz jakin-mina sortzen du ere. Nor zen, behin eta berriz aipatzen den Angiolillo? Wikipedian eta aldizkari libertarioan datorrena irakurri eta gure protagonisten eredua ezagututa hobeto dakizu haien erabakien zergatia. Angiolillok Cánovas del Castillo aukeratu zuen moduan Soterok eta bere lagunak zenbait izen aipatzen dituzte: Maria Cristina erregiña eta Alfonso XIII haren semea, Francisco Romero Robledo, Felipe Dugiols ...

PERTSONAIAK
Soterok kontatzen digu nobela, bakar bakarrik bizi da, bere burua horrela aurkezten dio frantsesari ‘Aitarik gabeko umea nauk ni, anaia bat nian, gizondu aurretik hil zena, eta ama bat, beti eri, ito beharrean eztulka egoten zena’. Kubako gerran besoa galdu zuen eta bueltatu zenean ozta-ozta bizitzeko lain dauka bere lan kaxkarrarekin. Euskalduna eta bertsolaria da eta irakurtzen eta idazten ez daki. Horrela ezagutzen du frantsesa, bertsoak idatzi eta inprimatu nahi dituelako.
Emile, frantsesa, okzitaniarra da (okzitaniarra daki baina euskararik ez), berak be ez dauka inor munduan. ‘Tolosan jaio zen eta han bizi izan zen umezurtz, aita mozkorrarekin, hamalau urteak bete zituen arte’. Parisera abiatu zen eta han bizi izan zen Parisko Komunan, han izan zituen lagunak eta Michelle. ‘Askatasunari koska egiteagatik lagun guztiak eta lau ebakortzak galdu zituen gizon bakartia’. Denak hilda daude eta Michelle bere buruan bizirik betiko. Michelle izena gizonezkoena eta emakumeena da, beraz Angiolillo berak Michelle du izena baina Emilek Michellen gonazpikoa uzten dio Soterori dinamita gordetzeko. ‘-Badakizu Michelleren antz pixka bat duzula alde honetatik begiratuta? -Bai, noski, bizarrarengatik izango duk’. Zelan bat egin gonazpikoa eta bizarra?'. Kontuak kontu Michelleren izenean egin nahi du dinamitarekin ekintza.
Hirugarrena, Alberto estudiantea da. Gauza guztien gainetik irakurtzen eta idazten erakutsi nahi dio Soterori. Frantsesaren ideia politikoekin bat dator, emakumeak gustuko ditu, horretan ez dator bat Emilekin. Frantsesa desagertzen denean Madrilera joango da medikuntza ikastera eta orduan geldituko da bakar bakarrik Sotero. Soterok dion bezala ‘Aurrera begiratzeko zuen gerorako zerbait zuena. Besteok atzera begiratu behar’.

Emakumeak apenas agertzen dira, Sotero batekin ikusten duenean frantsesa haserretu egiten da, estudiante gazteak Soterok aurkeztutakoekin gustura ibiltzen da eta Emilek Soterori dinamitaz hitz egiten ari zirela ‘eta hobe zure putatxo horrek ezer ez badaki’.

Euskara ulerterraza (berba batzuk izan ezik), esaldiak behin eta berriz errepikatzen ditu, aldaketa txikiak eginez, hobeto ulertzen da esaten duena eta poesia itxura hartzen du Mikelen prosak.
Gizakion bakardade sakona azal-azalean agertzen da liburu guztian. Ideien garrantzia hutsune hori betetzeko, ideia horien inguruan kidetasuna. Itxaropen guztia hor ipini eta bizitza pertsonalik ez. Hori da faltan hartzen dudana. Gauza handiak egiteko beharra eta hurbileko mundua non dago? Konpromiso handiak aurrera eramateko hurbileko konpromisoentzat lekurik ez. Emakume ferratuak eta ferratu gabeak, azken hauek beti hobeagoak haien esanetara.
Gauza kurioso batzuk be agertzen dira. ‘Pezetero’ hitza nondik datorren. Eguneko pezeta bat irabazten zuten liberalek lehenengo gerra karlistan, Isabelen zaleak, hori dela eta ezizen bezala ‘pezetero’ esaten zioten Kataluniako Printzerrian eta gero estatu guztian zabaldu zen.

Euskara erakusten edo horretan saiatu zaranean 30 urte baino gehiago euskal idazle ‘berriak’, eskoletan euskaraz irakurtzen eta idazten ikasi duten hauen liburuak irakurtzea, bizipoza ematen didate. Aitortzen dut asko be errazago irakurtzen ditudala gaztelaniaz idatzitako liburuak baina euskaraz irakurtzea nahi dut. Misterio liburuak, polizia-nobelak, nobela beltzak, eta gizonen eta emakumeen artean harreman hurbilago eta ez hain estereotipatuak gusturago irakurriko nituelakoan nago. Historian, emakumeak ez dira agertzen baina nobeletan ikustea nahi nituzke ekintza pribatu eta publikoetan eta horrela idaztea ez dago bakarrik emakumeen esku, gizonezkoen idazkietan agertzea dugula uste dut, gauzak zeozer aldatu badira behintzat.

Mikel Peruarenak aukeratu zuen titulua C’est fini zen baina editoreak Ez obeditu inori hobe zela eta hala gelditu zen. Mikelek esan zigun hau izan zela zuzenketa bakarra. Beste gauza guztiak berak nahi zuen bezala agertu direla. C’est fini hori ingelesez izan ba zen onartuko ziotelakoan nago. Dena dela ados nago Mikelekin hobe zen C’est fini.

3 comentarios:

  1. Zelako bloga bihurtzen ari den! Gero eta sakonagoa, gero eta ederragoa...
    Liburua irakurtzeko gogoa sortzen duzu!
    Testua irakurtzean zu hitz egiten entzuten ari nintzela iruditu zait. Nahiz eta konturatu ez, idazten dugunean, gure barrukoa adierazi egiten dugu!

    ResponderEliminar
  2. Olatzi eta zuri esker idazten ari naiz bloga. Zuenak ikusi eta gero txikia iruditzen zait baina saiatuko naiz eta nork daki?
    Dibertitzen naiz eta zuei kuku bat egiteko balio badu........ba ezin gehiago eskatu.

    ResponderEliminar
  3. Asko disfrutatu dozu irakurtzen eta horrela adierazi nahi diguzu.Hemen be,sormenaren indarrak, nora eramaten gaituen...
    Hiru pertsonaiak, triangelu baten erpinak izango balira bezala,banan banan sortzen ditu......eta gero euren arteko harremana ere sortzen dau: triangelua bera.
    Euretariko bat desagertzen denean......triangeluaren Barizentruak kaput......eta C`finite (ez dakit horrela idazten dan).
    Asko dakizu Esti , eta asko irakasten diguzu.

    ResponderEliminar